Farga Rossell - la Massana

Burdinaren Interpretazio Zentroa

Andorrako bailara lurralde burdin ekoizlea izan zen XVII. eta XIX. mendeen artean. La Massanan kokatua, Farga Rossell izeneko sutegian Burdinaren Interpretazio Zentroa dago gaur egun; Pirinioetan ongien kontserbatzen den lekukoetako bat da, eta bertan erakustaldi multimedia bat eskaintzen da, burdina haizeaz, suaz eta harriaz lantzen zutenen mundua ezagutarazteko.

Rosell burdinola 1842 eta 1846 urteen artean eraiki zuten, eta 1876ra arte izan zen zabalik, denbora gutxi batez geldirik izan bazuten ere. Jules François (1808-1890) meatze ingeniariak asmatutako plano estruktural berri bati jarraituz sortu zen, eta behe labea aprobetxatzen zen mea murrizteko eta, aldi berean, metala forja tenperaturan mantentzeko. Forjariek bi mailu hidrauliko erabiltzen zituzten, bata bestearen segidan. Lehenak 700 kg inguruko burua zuen, eta burdin belakiko masa arazteko eta trinkotzeko erabiltzen zen (mazoa); bestea, aldiz, txikiagoa zen, 350 kg inguruko burua zuen, eta forma errematatzeko eta metalari amaierako akabera emateko erabiltzen zen (patina). Fabrika hau Andorran jardunean egon ziren azken bi sutegietako bat da, eta Pirinioetan burdina ekoiztu zuen azkenetako bat.

Egun, interpretazio zentro bilakatu dute sutegia, eta burdin mea lingote transformatzeko prozesuaren eta ondoren Kataluniako merkatuetan komertzializatzeko moduaren inguruko azalpenak ematen dituzte bertan. Erakustaldi multimedia baten bidez, eta ikus-entzunezko hainbat euskarriren laguntzaz, bisitariak Pirinioetako siderurgiaren mundura hurbiltzen dira. Lantegia birgaitzeko obrei esker tronpa, behe labea, mazoak eta forjarien lan ohiturak ezagutu ditzakegu; guztiak ere «estilo katalaneko» forja gisa ezagutzen den ekoizpen sistema definitzen duten elementuak. Gainera, instalazio hidraulikoak berregin dira, eta horrek aukera ematen du gabia funtzionatzen ikusteko.

Farga Rosselleko Burdinaren Interpretazio Zentroak burdinaren bidean aurrera jarraitzeko informazioa ere eskaintzen du, burdinaren munduarekin lotutako beste leku batzuk ezagutzeko, hala nola Areny-Plandolit familiaren etxe-museoa, Sant Martí de la Cortinada eliza eta Llortseko meatzea. Ordinoko bideari jarraituz, hainbat artista garaikidek sortutako eskulturak ikusi daitezke. Minerala garraiatzen zuten mandazainek bezala, ausartenek aurrera jarrai dezakete, Collada dels Menerseko meatzeetaraino, Sortenyko parke naturalaren goialdean, hortik baitzetorren burdinola honetan erabiltzen zen mea. Beste aukera bat da ikatzaren paisaia ezagutzea, Madriuko bide siderurgikoa izeneko mendi-ibilia eginez, Madriu-Perafita-Claror haranean.

Kokapena

  • Av. del Través, s/n. AD400 la Massana. Andorra.
  • Nola iritsi

GPS koordenatuak

Latitudea: 42.54610799999999 | Longitudea: 1.5210912999999664

Ordutegia eta prezioak

Erreserba Zentralean aldez aurretik erreserbak egin behar dira +376 839 760

Hizkuntzak

Català, Castellano, Français, English.

Garraio publikoa

L6 ordu erdiro.

Zerbitzuak eta instalazioak

Bisitaldi gidatua / ordu bateko / martinete-erakustaldiarekiko bisitaldi gidatua / ikasleentzako lantegiak / boutiquea / Ikus-entzunezkoa

  • Audiogidak
  • Hitzaldi aretoa
  • Liburutegia
  • Denda
  • Armairuak / kontsigna
  • Atsedenguneak
  • Sarrera egokitua
  • Ibilbide egokitua
  • Igogailua
  • Aparkalekua
  • Autokarabanentzako aparkalekua
  • WC

© 2020 Pirinioetako Burdinaren Bildea - Eskubide guztiak erreserbatuak - Lege oharra eta pribatutasuna - Cookieen politika