Mutiloko Meategi Barrutia - Mutiloa

Burdina-erauzketaren paisaia

Mutiloko meatzaritza-tradizioa argi ikus daiteke aberastasun natural handiko paisaia kultural honetan. Ollargain eta Peatza guneetatik ateratako burdinak Urola eta Oria ibaien aldameneko burdinolak elikatu zituen, baita mende batzuk geroago Europako siderurgiaren labe modernoak ere. Leku horiek gaur egun lasaitasunaren eta patxadaren ispilu diren arren, garai batean lan gogor eta etengabearen erdigune izan ziren.

Leku horietako batzuk Troia, Erromatarrak.. eta abar izendatu izanak pentsarazten digu antzinatik egin izan direla bertan meatzaritza-jarduerak. Halere, Mutiloko burdinari buruzko lehen dokumentuak Erdi Aroan eta Aro Modernoan agertuko zaizkigu; Peatza, Ollargain, Gezurmuño edo Aizpuru izeneko tokietatik aterako dute burdina, eta Urola eta Oria ibai-haranen goi-arroetan kokatutako burdinola eraginkorren hornitzaile nagusi bilakatuko dira.

Hurbileko ingurunea industrializatu izanak areagotu egin zuen burdinaren eskaera, eta hala, galdategietako labe garaien elikagai bihurtu zen burdina hori, esate baterako, San Martin Burdina Fabrikarena, Beasaingo CAF enpresa aski ezagunaren zuzeneko aurrekaria, edo Arabako Araia galdategiarena.

XIX. mendearen amaiera arte ustiatu ziren meategi horiek modu antolatu eta sistematiko batez. Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak eskuratu zituen 1894 eta 1897 urte bitartean ordu arte herriko jabe partikularren esku egon ziren meatzaritza-emakidak, eta ekoizpen-sistema berri bat eraiki zuen. Horrela uler daiteke, hain zuzen ere, plano inklinatuak, mea-garbitegiak eta dekantazio-putzuak… eraiki izana, eta egitura horiek guztiek, eskola, kantina eta bulegoekin batera, Ergoena auzoko mendi-hegalak okupatu eta modu nabarmen batez eraldatu zituzten. Konpainia horrek eraiki zuen, halaber, Mutiloa – Ormaiztegi mea-trenbidea, eta horri esker, behin betiko irtenbide bat aurkitu zioten mea-garraioaren arazoari, ez bakarrik Mutiloan, baizik eta baita Zeraingo Aizpea Barrutian ere. 1927. urtean konpainiak azken mea-garraioa egin zuen. 30eko hamarkadan, kapital alemana zuen Compañía Minera Aralar S.A. izeneko konpainiak interes berezi bat erakutsi zuen Goierriko mea-ingurunean. Geroago, 50eko hamarkadan, Legazpiko Patricio Echeverría S.A. enpresa garrantzitsuak nahikoa burdina-mea atera zuen bertatik, bere belaki-labe eraiki berrietan hornigai gisa erabiltzeko.

Mutiloko paisaia nabarmen aldatu zen XX. mendearen hasieran. Troi ibaiaren ibilgua eraldatu egin zuten, harrobiak eta galeriak ireki zituzten, baita mea-garbitegiak, arraste-bideak eta dekantazio-putzuak ere, eta mea-trenbide bat eraiki zuten. Oraindik ere erraz bereizi ditzakegu eraikin horiek guztiak, inguratu dituen naturaren artean. Interpretazio-ibilbide batek paisaia horietara hurbilduko gaitu, egitura horiek altxatu eta meazuloetan jo eta ke lanean aritzen ziren meatzariak, ingeniariak eta mea-konpainiak ezagutuko ditugu, Mañastegizar baserriaren ondoan oraindik ere gorde diren mea-deposituen eta garbitegien funtzionamendua ezagutuko dugu eta mea-trenbide zaharretik barrena ibiliko gara.

Kokapena

GPS koordenatuak

Latitudea: 43.0220218 | Longitudea: -2.2720531999999594

Ordutegia eta prezioak

Informazioa eskuragarri www.mutiloakomeatzaritza.com.

Hizkuntzak

Euskara, Castellano.

Garraio publikoa

Madrid-Irun Lineatik autobusak.
G0022E: Mutiloa – Zerain – Segura.
G001: Zaldibia – Beasain – Segura – Zegama.

Zerbitzuak eta instalazioak

BILBIDE AUTOGIDATUA, SEINALEZTATUTA ETA INTERPRETATUTA
Ibilbidean jateetxeak eta ostatuak badaude.

  • Audiogidak
  • Hitzaldi aretoa
  • Liburutegia
  • Denda
  • Armairuak / kontsigna
  • Atsedenguneak
  • Sarrera egokitua
  • Ibilbide egokitua
  • Igogailua
  • Aparkalekua
  • Autokarabanentzako aparkalekua
  • WC

Ikusi gehiago

© 2020 Pirinioetako Burdinaren Bildea - Eskubide guztiak erreserbatuak - Lege oharra eta pribatutasuna - Cookieen politika